5. Etengabeko hobekuntza/kalitatea/berritzea
– Arartekoaren argitalpenak hobetzea
Arartekoak formatu elektronikoarekin lan egitearen alde egin du apustu, bere argitalpen guztiak hedatzeko formatu onena eta erreferentea hori delakoan. Hala eginez gero, nabigagarria izango da atal guztietan, eta bilatzaile baten laguntzarekin nahi den informazioa aurkitu ahalko da, esteka bidezko sarrerekin, pasahitza edo administrazioak, araudia eta halako erreferentziak sartuta. Horrek bide ematen du webguneko arlo jakin batzuk beste web gune batzuekin, beste erakunde batzuekin eta abarrekin lotzeko.
Web guneari erantsitako formatu elektroniko berri hori hainbat euskarritan kontsulta eta deskarga daiteke: pdf-n, eta baita formatu irekietan ere: html, xml, csv; horiei esker, errazago erabil daiteke web orrialdeko datu irekien ataletik abiatuta, eta, modu horretan, herritarrek libreki berrerabili ahal izango dituzte.
Hain zuzen ere, berrerabiltzeko aukera horren informazioa emateko, creative commons lizentzia erantsi da Arartekoaren ondoz ondoko edizio eta argitalpenetan. Lizentzia horrekin, txosten horiek berrerabiltzeko aukera ematen da.
Orobat, bere hartan utzi dira liburu formatua eta CD euskarri digitala, baina oso ale gutxi aterata.
Erabaki horiek Arartekoak orain duen filosofian biltzen dira, hau da, bere onurarako zein beste erakundeen onurarako informazioa berriz erabiltzea erraztea eta baliabideak herritarrekin partekatzea, arlo horretan aurreratuago dauden beste joera batzuekin bat etorriz:
1495/2011 Errege Dekretu bidez egindako 2003/98/EB Zuzentarauaren lekualdaketak Espainiar Estatua abangoardiako herrialdeen mailan kokatu zuen datu publikoen irekieran, AEB edo Erresuma Batuaren pare, hori lagungarria izango da eduki digitaleko sektorean balio erantsiko produktu eta zerbitzu berriak sortzeko eta Herri Administrazioen jarduerak gardenagoak izango dira.
Euskal Herriari dagokionez, uztailaren 24ko 159/2012 Dekretua onartu da eta euskal herri administrazioek beste erabiltzaileen esku jarri ahal izango dituzte bere kabuz edo hirugarren bidez garatutako aplikazio informatikoak.
Europar Batzordearen arloan, Neelie Kroes-ek, Batzordeko lehendakari ordeak, adierazi du hemen aipaturiko joeren lerroan, 2014az geroztik EBk bere 8. Programa Markoaren bidez zuzenean finantzatutako ikerketak sarbide irekiarekin argitaratu beharko direla eta 2016rako inolako eragozpenik gabe kontsultatzeko modua egongo dela.
– Arartekoaren zerbitzu karta finkatu da
2012an Arartekoaren informazio puntu guztietara hedatu da bere Zerbitzu-karta eta harreman honetarako web orriak eskaintzen duen bidearen erabilera finkatu da. Honen bidez herritarrek iradokizunak, proposamenak eta hobetu beharreko alderdiak jakinarazi dizkigute, eta Arartekoak bizkor aztertu eta kudeatu ditu.
– Itun Berdea
Ohiko lanean praktika iraunkor gehiago ezartzeko asmoz, 2012an Vitoria-Gasteiz Europako hiriburu berdea dela aprobetxatuz, Arartekoak Itun Berdearekin bat egin zuen.
Horren bidez, kalitatezko ingurumenarekin duen konpromisoa indartu nahi du.
– Ingurumena hobetzeko sistema
Ingurumena hobetzeko sistema hau 2010. urtean hasi ginen ezartzen. Hori garatzeko erreferentzia gisa, 2004ko Ekoskan araua hautatu dugu, IHOBE Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak sustatutakoa.
Sistema hori ezartzeari dagokionez, Arartekoak konpromisoa hartu du bere jarduera eta zerbitzuek ingurumenean eragin ez dezaten neurriak hartzeko, erakundearen kudeaketan ingurumen-irizpideak aplikatuta. Konpromiso horrekin, Arartekoak ingurunea zaintzeko erantzukizuna partekatuko du administrazio publikoekin, gizarte zibileko eragileekin eta herritarrekin.